2.4. "EDUCAR EN EL 0-3"
"Educar en el 0-3"
Haurraren garapen osasuntsua bilatzea helburu gisa, gauza askok eragina izan dezakete eta hortaz, gauza horiek guztiak kontuan hartu behar dira. Horren barruan egunero egingo diren jarduerak sartzen dira, hau da, egunero haurrentzako haur eskolan programatu eta prestatzen diren ekintza desberdin guztiak. Baina, zer ezaugarri bete behar ditu jarduera batek eraginkorra izateko? Jarduera gidatuak ala libreak izan behar dira? Libreak baldin badira, noraino ailegatu daiteke askatasun hori? Zein izango da zaintzaileen eginkizuna edo funtzioa? Haurrek libreki jolastu behar dute? Zenbateko garrantzia edo eragina izango du jolasak haurraren garapen osasuntsuan? Jarduerak haur eskolan egunerokotasunaren atal funtsezko bat betetzen dute egunero eta horregatik oso garrantzitsua da ekintza guzti hauek kontuan hartzea, eragina izan dezaketen faktore guztiak zainduz.
Hasteko, ekintza bat prestatzerako orduan, komenigarria da oso argi edukitzea zein izango da jarduera horrek izango duen helburua, hau da, lehenik eta behin haren intentzionalitatea zein den zehaztea. Esperientzia batzuek, Battista Quinto Borghi-en (2007) esanetan, haurtzaroko eguneroko alderdiak eta alderdi globalak garatu nahi dituzte, harreman- eta afektibitate-portaerak eta alderdi kognitiboak eta ikaskuntzakoak konbinatuz. Aldiz, beste esperientzia batzuk, esaterako, tailerrak edo berariazko jarduerak antolatzeak, lehentasuna eman diezaiokete trebetasun gidatuak eskuratzeari, hala nola, objektuak manipulatzea edo hizkuntza-trebetasunak hobetzea. Lehenengo hauek, hau da, esparru-jarduerak, zaintzekin harreman zuzen izango dute. Zaintzaileen eginkizuna funtsezkoa izango da, izan ere, haur guztien ongizatea bilatu eta haurraren garapen osasuntsua sustatzen dute. Gainera, egunerokotasunean haurren motibazioa eta haien jakinmina sustatuko dutenak izango dira eta baita haur guztien beharrak asetzeaz arduratuko direnak ere.
Gizaki orok arreta jasotzeko beharra daukagu, eta haurrak hare gehiago. Haurren garapenean arreta eta zaintza hori izatea ezinbestekoa eta beharrezkoa da haurraren garapen osasuntsua bermatu eta lortzeko. Irakurgaian adierazten den moduan, zaintza-harremana, funtsean, harreman-sistema gisa uler dezakegu, non hezitzaileak oso serio hartzen duen haurraren hazkundea, ekintza kognitibo, afektibo, material eta sozialen bidez bere garapenaren kalitatea bermatzeko. Honek esan nahi du, hezitzailea izango dela garapen osasuntsu hori lortzea bideratuko eta ahalbidetuko duena eta hortaz, hainbat ezaugarri bermatu behar dituena. Hasteko, ardura hartzea, haurren kalteberetasunaz kontziente izatea eta beharrezkoa denean esku hartzeko gaitasuna izatea. Horretaz aparte, haurrengan errespetua izatea, hezitzaile eta haurraren harremana berdinen artekoa izatea besteak beste. Haurrei laguntza egokia ematea, baina behar baino laguntza gehiagorik eskaini gabe. Funtsean, garrantzitsua izango da, hezitzailea autoritate-figura gisa ez ikustea, aitzitik, jabetzea, hezitzailearen rola haurrari laguntza eskaintzea izango dela, eta haren garapen eta hazkundean gidari eta laguntzaile gisa izatea izango dela irakasle oroen eginkizuna.
Bestalde, zuzendutako jarduerei dagokionez, haurrei zuzenduta egon behar dute, hau da, haurren ongizatea eta ikaskuntza lortzeko helburuarekin pentsatuak eta burutuak egon beharko lirateke. Haurrengan pentsatzeak esan nahi du ahalegin handienak haiengana bideratzeko moduan jokatu behar dela, inprobisazioa alde batera utzita, etengabe ekintza zergatik egiten den edo ekintzak izango duen intentzioa edo helburuaren ganorazko hausnarketa eginez. Haurra izango da beti jardueren protagonista eta hortaz, haur guztiak aintzat hartu behar dira. Batetik, haur guztien beharrak entzutea eta, bestetik, haur bakoitzaren erritmoa errespetatzea. Ekintzak haurrei egokituta egon beharko dira, eta ez kontrakoa gertatzea, haurra ekintzari egokitzearen beharra izatea besteak beste. Jarduera hauetan ere funtsezkoa da hezitzailearen papera. Ekintzak eraginkorrak eta aberasgarriak izan dezaten, hau da, haur guztien beharrei erantzun dezaten, ezinbestekoa izango da haur guztiak etengabe behatzea. Horrela, zeozer aldatzeko beharra dagoenean hezitzaileak ikusi eta esku hartzeko prest egon ahal izateko. Haurrak mugimendu askatasuna izango dute, baina beti, naiz eta distantziatik izan, behatuta egonda.
Jarduera orok jolasean izango dute oinarria. Jolasaren garrantzia “Imagine Elephants”-en ikusi genuen moduan, izugarrizkoa izan daiteke eta hortaz, kontuan hartzeko faktore garrantzitsua. Haurrak hazi eta ikasten dute jolasean, hau da, jolasa baliatuz gaitasun anitzak garatu eta eskuratzen dituzte besteak beste. Jolasak funtzio asko ditu haurraren garapenarekin lotuta, hala nola, esplorazio-, eraikuntza-, komunikazio- eta sormen-funtzioa besteak beste. Inork ez daki haur batek zenbat ikasten den jolasean, baina bai badakigu, ikaskuntza garrantzitsuenak jolasten ematen direla (Francesco Tonucci, 2015). Beraz, haurrei askatasunez jolasten utzi behar zaie behar baino gehiegi interferitu gabe, izan ere, jolasa heldu batek bideratzen duen momentuan, hasierako helburua guztiz galdu egingo da, hala nola, haurra bera bakarrik jolasaren bitartez gaitasunak eskuratzen joatea eta hortaz, gutxinaka hazi eta garatzea.
Beraz, bukatzeko, esan dezakegu haurra beti izan behar dela ardatz. Oso garrantzitsua da argi izatea dena haien ongizatean pentsatzen sortu eta burutzea izango dela eraginkorrena. Haien autonomia sustatu eta haien erritmoak errespetatuz besteak beste. Hezitzailearen eginkizuna arlo guztietan funtsezkoa da, hala nola, haurrek oraindik ezin dutelako haien kabuz, edonolako laguntza eskura izan gabe, ezer ez egin. Lehenengo haurtzaroan oraindik txikiak baitira eta bizirauteko zaintzen beharra daukatelako. Beraz, berriro ere, haurra izan behar da protagonista beti, haien garapen osasuntsua lortzea helburu gisa.
Bibliografia:
- Borghi, B. Q. (2007). EDUCAR EN EL 0-3. GRAO
- Samthing visual. (2015). Reportaje lineal “Imagine Elephants”. https://www.youtube.com/watch?v=-Y_lQNJPE6s
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina