1.2. "IMAGINE ELEPHANTS"
"Imagine Elephants"
Jolasa haurren heziketan uste baino garrantzi handiagoa dauka. Gaur egun zorionez, asko aztertu da, eta aztertzen ari da gai honen inguruan, jolasak izan ahal dituen eragin positiboen inguruan. Baina oraindik ere, ezjakintasun handia dago. Zenbat ikasten du haur batek jolasten? Utzi behar diogu jolasteari? Bakarrik lehengo haurtzaroan da onuragarria jolasa? Zergatik galtzen dugu jolasteko gaitasuna? Jolasa hezkuntza-praktika ona edo txarra da? Arauak egon behar dira jolasean? Noiz da jolasa eta noiz ez?
Francesco Tonucci pedagogoak dio, inork ez dakiela haur batek zenbat ikasten duen jolasean, baina bai dakigula, ikaskuntza garrantzitsuenak jolasten ematen direla. Eta horrela izaten jarraitu behar du. Jolasaren garrantzia ulertu behar dugu, baina jolasa hau modifikatu gabe, hau da, lehen jolasari gaur egungo garrantzia ematen ez genionean, haurrek bakean jolasten zuten. Gaur egun aldiz, jolasa kontrolatzeko edo beti helburu pedagogiko bat izateko nahian, jolasa bere osotasunean desagertzen hari da. Haurrak geroz eta gutxiago jolasten dute orain dela hogeita hamar urteko haurrekin alderatuta. Honekin erlazio zuzena daukate helduek eta bereziki gurasoek.
Oso argi ikusten da gaur egun nola haur guztiek txikitatik mila gauza egiten dituzte eskolatik kanpo. Eskolaz kanpoko ekintzak hauek ez dira jolasa, helduek antolatutako ekintzak dira, eta jolasa lehen esan dudan moduan, ezin da kontrolatuta egon. Beraz, haurrek txikitatik hasten duten eguneroko ordutegi horretan ez daukate jolasteko lekurik, edo behintzat leku nahikorik. Helduek erabakitzen dute zein jardueretan apuntatu haurra eta horrek denbora kenduko dio gero haurrari berak bere kabuz, jolasten, aurkitzeko edo deskubritzeko bera benetan non daukan interesa eta zer nahi duen egin. Hori azkenean haurrei bere identitatea aurkitzeko aukera kentzea da, izan ere, helduek inposatzen dituzte haiek onuragarriak aurkitzen dituzten ekintzak eta interesak eta aukera kentzen diote haurrei haiek haien kabuz haien bidea aurkitzeko.
Handitzen garen heinean jolasa gutxinaka desagertzen joaten da, eskola testuinguruan batez ere. Hau da, haur hezkuntzan jolasa asko erabiltzen da ikaskuntza metodo bezala, aldiz, lehen hezkuntzan gutxiago erabiltzen hasten da eta hurrengo etapetan, D.B.H eta Unibertsitatean besteak beste, guztiz desagertu arte. Badakigu zein den jolasaren garrantzia, baina badirudi bakarrik dela baliagarria bizitzako lehenengo etapetan. Badirudi urteak pasa ahala, jolasa denbora galtzea izango dela eta bakarrik dagoela lekua ikasteko eskola-liburu batean aurkitzen dena. Zergatik uzten diogu jolasteari orduan? Gure bizitzan inposatuta dauden gauzak, bai edo bai egin behar ditugun gauza horiek denbora guztia hartzen dutelako, eta beraz jolasteko lekurik ez delako ia egongo. Gaur egungo hezkuntza sistema honetan jolaserako bakarrik lehenengo urteetan dago lekua. Baina orduan, jakinda jolasaren garrantzia eta jolasak dakartzan ondorio positibo edo onura guztiak, zergatik ez zaio duen garrantzia ematen urteak pasa ahala? Erantzuna erraza da, hezkuntza sistema ez dutelako ikasleen ikuspuntutik sortzen, helduen ikuspuntutik sortzen dute.
“Haurretan ez du inork pentsatzen” (Francesco Tonucci, 2015). Eta kasu askotan, haurrentzako diren edo hobeto esanda, teorian haurrentzako pentsatuta dauden ekintza edo erabaki asko funtsean helduentzako eginda daude, helduen erosotasunerako. Lehen jolasteko leku gehiago zegoen. Eta orain ez naiz eskolari buruz hitz egiten ari, inguruneari, jostailuei eta parkeei buruz hitz egiten ari naiz besteak beste. Gauza guzti horiek gaur egun ez dituzte haurren beharrei erantzuten, baizik eta helduen edota baita merkatuaren beharrei ere erantzuten diote. Ikuspuntua aldatu behar dugu benetan haurren garapena sustatzeko, jolasa sustatzeko eta ez bakarrik erosoak edo errazagoak diren erabakiak hartzeko. Egia da ere, oso zaila dela guztia aldatzea batez ere, familien presioa sartzen delako jokoan eta baita inbertsio bat egin beharko zelako ere eta kontuan izanda lehen aipatutakoa, haurretan ez duela inork pentsatzen, ez dirudi tamaina horretako inbertsiorik egin nahi denik.
Bukatzeko, gaur egungo errealitatea kontuan hartuta, beharrezkoa da teknologiak aipatzea. Nola aldi berean, teknologia oso tresna baliagarria eta aberatsa izan daiteke baina aldi berean, oso tresna desegokia eta arriskutsua ere. Oso zaila da guraso edo hezitzaile moduan hau kontrolatzea, izan ere adibidez, teknologiak debekatzearekin ez da ezer lortuko, bakarrik helburuaren kontrakoa. Baina oso zaila da ere haur batek ulertzea teknologiak modu egokian erabili behar direla, batez ere oso deigarriak direlako haientzako eta baita mendekotasuna sortzeko sortuak daudelako. Batzuetan, baliabide oso interesgarriak izan daitezke, eta didaktikoki tresna baliagarriak baina dena modu batez neurtuta eta beti oreka bat bilatuz.
Bibliografia:
Samthing visual. (2015). Reportaje lineal “Imagine Elephants”. https://www.youtube.com/watch?v=-Y_lQNJPE6s
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina