TEKNOGRAFIA
Banakako lana: KONTAKETA
Herri txiki batean bizi naiz, denok ezagutzen dugu elkar. Horren ondorioz, nire ikastola ere oso txikia zen. Hamabost ume inguruko klase bakarra zegoen kurtsoko. Beraz, bai, oso ikastola txiki batean hazi nintzen. Niretzako ikastola familia izan da. Oso pozik eta gogotsu joaten nintzen klasera egunero. Urteak pasa ahala, normala den bezala, hori aldatuz joan zen. Baina bai mantendu zen familia sentimendua, behintzat, D.B.H hasi arte. Nire gelakideak izan zirenak, orain nire lagun minak dira, eta ez hori bakarrik, nire irakasleak izan zirenak, gaur egun ere, oraindik niretzako garrantzitsuak edo hobeto esanda, eredu diren pertsonak dira. Bizi dudan esperientzia pertsonala, batez ere haur hezkuntzan, izan da bultzatu nauena irakasle izatera. Modu batean, etapa horretara bueltatzeko, beste haurrekin bizitzeko nik bizi izan dudana, beste ume batzuk familia sentimendu hori nirekin bizitzeko.
Normala den moduan, handitzen joan ahala, aldatzen joan naiz. Eta egia esanda, faltan botatzen dut haur hezkuntzako Leire. Beti dantzatzen, barre egiten, korrika egiten, abesten, sentitzen zuena egiten zuen Leire hori. Intseguritate barik, kriston pertsonalitatea zuen haur hori. Badakit, barru-barruan, jarraitzen dudala pertsona berdina izaten, baina egia da ere, besteek esaten dutenari garrantzi gehiegi emateak edota intseguritateak ezkutatzea eta esperientzia edo bizipen jakin batzuk direla medio aurpegi hori ateratzea gehiago kostatzen zait. Hausnarketa txiki hau egin ondoren, konturatu naiz, hau ere, beste arrazoi bat izan daitekeela ni haur hezkuntzako irakaslea izan nahi izateko, faltan botatzen dudan Leire hori haurrekin lanean berreskuratzeko.
D.B.H hasterakoan, aldaketak etortzen hasi ziren. Beste herri bateko ikasleekin elkartu behar ginen, eta klasean hamahiru izateari utzi, eta hogeitasei izaten hasi ginen. Momentu horretan aldaketa handia izan zen, baina azkar ohitu nintzen eta hamahiru ikasleko familia txiki hori, hogeitasei ikasleko familia bilakatu zen denbora gutxian. Pandemia dela eta, D.B.H-ko laugarren maila ez genuen behar bezala bukatzeko aukerarik izan. Ikasbidaiarik gabe geratu eta etxean konfinatuta bukatu genuen kurtsoa. Gogorra izan zen, batez ere hurrengo urratsa batxilergoa zelako, eta hori bai izango zela aldaketa handia. D.B.H bukatzean, klasea guztiz banatu zen, bakoitza bere bidea hartu zuelako.
Ikastolaz aldatu eta kurtsoari ekin nion. Hasieran lagunei erreparatuz, zaila izan zen, izan ere, den-dena berria zen. Ez nintzen ikastola berri horretara bakarrik joan. baina horrela izanda ere, oso aldaketa handia eta gogorra izan zen. Azkenean, oso gustura egon nintzen bi urteetan, eta aldaketa hori dela eta, gaur egun niretzat ezinbestekoak diren pertsonak ezagutu nituen. Egia da ere, irakasleekiko harremana oso desberdina zela nire betiko irakasleekin konparatuta, eta hori bai faltan bota nuen. Batxilergoa amaitu eta orain hemen nago, unibertsitatean, nire ikastola esperientziatik etaparik politena berriro bizitzeko asmoz.
BIDEOA (link-a)
Hausnarketa: Nola izan da teknografia burutzeko prozesua niretzat?
Ez dut inoiz horrelako proiekturik egin, hain pertsonala, hain hunkigarria eta hain aberasgarria. Badakit, jada hitz sakonekin hasi dudala hausnarketa, baina teknografien prozesua niretzat horrela izan da. Egia da, oso desberdina izan dela banaka egindako lana, gero taldeka egindakoarekin alderatuta. Baina taldeka egin beharreko lanaren bigarren zatia ere asko disfrutatu dut.
Hasieran, nahiko galduta aurkitu nuen nire burua, izan ere, lehenengo aldia zen teknografia kontzeptua entzuten nuela eta hortaz lehenengo kontaktua izanik, nahiko konplexua zen. Azkenean, lana oso librea den einean, galduta sentitzea, batez ere, hasieran, normala iruditzen zait. Aldi berean, askatasun hori asko gustatu zait, lana interpretatzeko modu asko egon daitezkeelako eta hori prozesua asko aberastu dezake. Asko disfrutatzen dut nire txikitako bideoak, argazkiak, oroitzapenak berbizi eta ikustea eta horregatik niretzako oso hunkigarria izan zen bideo guztiak bilatzea, elkartzea eta abar. Bideoaren emaitzarekin oso pozik nago, izan ere, transmititu nahi nuena hor dago, hala nola, denbora oso azkar pasatzen dela eta gaur garena guk haurtzaroan izandakoaren ondorio gisa dela, beti gurekin daramagula behin izan ginen haurra.
Taldeka elkartzean, egia da, hasieran kostatu zitzaigula. Kurtso hasiera hasieran ekin genion teknografien prozesuekin eta ezagutu berri ginen. Oso aberasgarria izan zen elkar hobeto ezagutzeko eta nik behintzat asko disfrutatu nuen besteon istorioa ezagutzen. Zaila zen lau bizitza desberdinak gero lan bakar batean elkartzea, eta horretarako bideo bat egitea erabaki genuen. Azkenean, lortu genuen bideoan lau bizitzen adierazgarriena egotea eta baita kontatzea nola gaur hemen gauden, elkarrekin, amets edo etorkizun berdinaren bila, nahiz eta lauretako bakoitza, iragan desberdin bat izan.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina